XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKAL LITERATURA LANDUAREN HASTAPENAK.

1545ean euskarazko lehen liburu inprimatua agertzea, behar bada, ezta hain harrigarria.

Bernat Etchepare euskaltzalea izatez aparte Pizkunde garaiaren hastapenetako semea zen, eta inprenta sortzetik ez hain urrutikoa.

Abantaila honek eta ideien iraultzak berakin zekarren herri hizkuntzez baliatzea.

Baina gure herrian Etchepare aski soilik aurkitzen dugu.

Ingurukorik gabe, eta lehen liburu inprimatua izanarren, ez dugu uste ondorengo mugimenduarekin ezer ikustekorik izan zuenik.

Beraz, Literatura landuaren mugimendua esatekorik ez zen sortuko XVII. mendearen lehen partera arte.

1. Sarasolak bere Euskal Literaturaren Historia deritzan liburuaren 16/17 orrialdeetan egiten zuen galde hura hartu nuen nere pentsa moldez edo ikus moldez saio bat egiteko gaia.

Euskaltzaindian protokolo gisa egiten den sarrera hitzaldia egiteko erabili nuena, eta Euskera, XX. zenbakian argitaratua dena (1) orrialdean.

Nere ustez, erlijio borrokak piztu zuten euskal literaturaren lehen mugimendua.

(Otoi, literatura landuarena, zeren ahozko literatura lehenagokoa bai zen).

Alemanian Luteroren Biblia itzulpenekin gertatu zenaren antzera.

Hugonoteak azaldu ziren Euskal Herrira.

Calvinoren dotrina nahi zuten zabaldu, eta honetarako bidezkoena zuten Nafarroako erregetzaren aurka gerra egin zutenen aurrez aurre jarri.

Calvin-ek, bere dotrinen lehen partean, Eliza eta Estadua elkarregandik bereiztea eskatzen zuen, eta ifarraldekoak ondo gogoan zuten Errege Katolikoak Nafarroan izan zuen jokabidea, Leringo kondearekin baliaturik, eta Bidaxuneko Agarramont eta bere inguruko jaunek Juana Albret Nafarroako erreginaren inguruan bildurik, Calvinoren aldeko bidea hartu zuten.

Bere eginkizunetako bat zen lehenengo jauntxoak irabaztea eta gero herri xehea, P. Lafittek ongi zion bezala, eta Leizarragari agindu zioten Testamentu berria euskaraz jartzea.

Gainera, erreginak berak argitaratu ere, 1571an.

Horrez gainera, Orthez-en Unibertsitate antzerako bat ere sortu zuten eta zuberotarrik gehienak bereganatu zituzten.

Baxe-Nabarren ere egin zuten lanik aski, baina herri xehea oso katolikoa zenez gero, nekeza zitzaien beren ideiak zabaltzea.